XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Condorcet-ek, gobernuak galdegina baitzion, muntatu zuen ikertze bat guztiz aberatsa, nun ere moldakuntza edo formazione oso eta jarraiki baten ideiak zabaltzen baitzituen: eskola orotara hedatzea; neska mutikoentzat irakaskintza bera emaitea; eskola urrik; ez bortxaka; Irakaslentzat moldategi berriak irekitzea.

Bestalde Herritar nornahik ikastetxeen altxatzeko ahala izaitea.

Ikertze balios harek ez zuen ordea ondoriorik izan, zeren eta, gerla etorri baitzen.

Gorabehera frango izan zuen lehen mailako eskola haren hedatzeak eta legea alde zuenaz gain, elizak (kongreganistek) indar berezi bat egin zuen iraultza denboran galdu zituen eskolen berriz zutik emaiteko.

Napoleonen denboran, honek gerlaz axola gehiago baitzuen eskolaz baino, herritako irakasleak apezen eskuko geldituko dira, Estatuko gizonen meneko baino gehiago.

1802-ko maiatzaren leheneko legeak, herritako eskolak, herriko etxen gain uzten ditu.

Eta lizeoak sortzen ditu, kaserna batzuen gisan, enperadoreak soldadogai on batzu ukan zitzan!.

Orduko eskolaren zimendua edo oinarria, enperadore jaunaren manuz, hauxe zen: erlijioneko eta enperadorearen manamenduen ikastea eta haieri leial egoitea!.

Bestalde, orduko lizeo haiek ba zuten ber denboran halako komentu aire bat.

Probisoreek, zentsoreek, printzipalek, eta erregenteek, ezkontzea ez zuten haizu!.

Halere, Napoleonen denboran, Lezay- Marnesia prefetak Alemania ikusita, Eskola Normala bat muntatu zuen Strasburgen.

Bigarren errege-aroan edo Restauration delakoan, Estatuak Elizari uzten dio irakaskintzaren esku osoa.

Fantanes-ek 1814-ean errektoreeri hauxe zioen: Sendimenduen eta ohiduren zuzentzeko, bide bat baizik ez da: eskola erlijionearen menean emaitea!.

Errepublikatiarren ideiak ordea, ez zitezken jestu batez osoki bazter, burgesia indartzen ari baitzen eta langileria ere ez baitzegoen lo.

Horrengatik, 1828-an, Strasburgoko Eskola Normalaren iduriko beste zenbait ikastegi ireki zituzten eta urrengo urtean beste hameka altxatu.

Ikastetxe horietan ere, erlijionezko erakaspenek leku haundia hartzen zuten.

GUIZOT-EN LEGEA ETA 1833-KO INKESTA

Guizot protestanta zen etorkiz.

Bi ideia nagusi predikatzen zituen.

Lehena, Estatuak herritar guztien eskolatzea zor zuela.

Bigarrena. Estatua eta Eliza zirela boteredun bakarrak irakaskintza mailan, eta beraz elkarrekin lan egin behar zutela.

Ideia horien haritik moldatu zuen 1833-ko ekainaren 28-ko legea.

Lege berri honek, iraultza denborako hats bero hura eskas zuen, baina inperioko eta bigarren errege aroko idaztien epel hura ere falta zuen.

Legearen bi alde berezienak hauek zitezken: bata, jakintzako gaien irakastea eta bestea frantses mintzaira, historia eta lurgrafiaren irakastea.

Iraultzaz geroztik, Frantziako administrazionearen edo herri gidaritzaren batasuna egina zen, baina kultura aldetik, mintzaira edo hizkuntza aldetik, ez zuen orduko Frantziak batasun izpirik.

Alabainan, betroin, euskaldun, okzitan eta beste zenbait herri-kultura azkar bizi baitziren oraino.

Asko tokitan, irakaslek ez zekiten frantses hizkuntzarik.

(Geroztik, ba dakigu zer desmasiak egin dituzten aldian aldiko frantses gobernuek, gorago aipatu herrikultura horien kaltetan).

Orduko jende ezjakinari Frantziako historia eder eta faltsu bat irakatsi zuten, (eta gerokoeri ere luzaz oraino) frantses ohorearentzat kaltegarri ziren gertakari guztiak baztertuz edo ixilik utziz!.

Bestalde, lege harek erabaki zuen, irakasle guztiak Estatuak izendatuko zituela, parte bederen diruz ordainduko eta apezpikuaren ordez gobernuko inspekturrek kontrolatuko.